Nafarroa Garaiko mendialdeko merkataritza, sustraiei helduta

hainbat

Biztanleriaren gainbeherak, krisi ekonomiko orokorrak eta horren ondorioz kontsumoan izan den beherakadak kalte egin diote Nafarroa Garaiko mendialdeko merkataritzari. Zonalde honetan, merkataritza ez da produktuen eta diruaren arteko elkartruke hutsa: lotura estua du herrietako bizimoduarekin, eta herria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta estuagoa. Sektoreak sustrai horiei tinko heldu nahi die, eta horretarako eraberritu, baina bere bereizgarriak galdu gabe; herritarrenganako gertutasuna, kasu.

Cederna-Garalurrek eta Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoak txosten bat sustatu dute mendialdeko merkataritzaren inguruan. Sektorearen azken urteotako bilakaera eta gaur egungo egoera deskribatzen da bertan; merkataritza-gune handi, frankizia, low-cost eskaintza eta merkataritza elektronikoarekin lehian bizirauteko borrokan ari dela kontuan hartuta. Nafarroa Garaiaren iparraldean, udalerri gehientsuenek establezimenduak galdu dituzte azken urteotan. Gainbehera bereziki nabarmena izan da Altsasun, 69 negozio galdu baititu 2009tik 2012ra, eta 276 edukitzetik 207 izatera igaro da. Zangozan ere, denbora-tarte berean, 134 saltokitik 106ra igaro dira. Leitzan eta Baztanen, aldiz, ez da aldaketa handirik izan denda kopuruari dagokionez.

Joera orokorra beheranzkoa izan arren, negozio tradizional hauek sendoago eutsi diote krisiari beste sektore batzuek baino, haien ezaugarriei esker: familia negozioak dira, langile gutxi dituzte, sare sozial sendoak dituzte inguruan eta irabazien portzentaje bati uko egiteko ahalmena izan dute. Era berean, zenbait negozio berrik ateak zabaldu eta atzera itxi egin behar izan dituzte, ez dutelako bizirauteko behar zuten gutxieneko salmenta kopurua eskuratu.

Kontsumoaren jaitsieraren ondorioz, murriztu egin dira produktuen dibertsitateari zein instalazioei dagokienez dendek egin dituzten inbertsioak. Ordenagailuen eta posta elektronikoaren erabilera orokortuta dago, baina salmenta elektronikorako plataformen baliatzea eskasa da, bai eta sare sozialen bidezko sustapenarena ere. Merkatarien aldarri nagusiei dagokienez, merkataritza-gune handien hedapena etetea eta administrazioak laguntza gehiago ematea nahi dute.

Etorkizunera begira urratu beharreko zenbait lan ildo ere azpimarratzen dira txostenean: komunikazioa hobetu eta gertuko merkataritzari eusteak duen balioa hedatu; langileen formakuntza garatu, batez ere teknologia berriei dagokienez; lehendik ere nahikoa errotuta dagoen merkatari elkarteen mugimendua sustatu; kontsumo ohitura berriekin bat egiten duen merkataritza eredu ireki batera egokitu; eta kalitateko merkataritza ibiltaria ahalbidetu biztanleria oso txikia eta komunikazio kaskarra duten zonaldeetan.

Informazio gehiago:

Mendialdeko merkataritzari buruzko txostena

Mendialdeko kontsumo ohiturei buruzko txostena

Praktika onak tokiko merkataritzan

Jardunaldiak Nafarroa Garaiko mendialdean

Tags: 

Azken Albisteak

Nabarmenduak

Portfolio

Beha Euskal Herria Euskal Herri osoko aktualitate sozioekonomikoa bildu nahi duen ataria da. Gaindegiak sortua da, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia.

Harremanetarako

Beha Euskal Herria Gaindegiaren proiektua da. Gaindegiarekin harremanetan jartzeko:

Gaindegia

Gaindegiaren laguntzaileak